Perlak talde zarauztarra 2013an sortu zen eta indie post punk estiloa jorratzen dute. Berehala erakarri zuten publikoa, beren abesti bizi eta suspergarriekin. Indarra, gertutasuna eta berehalakotasuna ditu ezaugarri talde txundigarri honek; abesti gordin eta ilunak sentimendu handiz lantzeko gaitasuna dute, eta abesti samurragoekin tartekatzen dituzte.
2014an beren lehen diskoa aurkeztu zuten, Perlak, eta urte horretan bertan Gaztea Maketa Lehiaketaren finalera iritsi ziren. Ordutik beren diskoa aurkezten ibili dira Euskal Herriko hainbat aretotan, eta 60 kontzertu inguru eman dituzte bi urtean. Iaz, Emakumeen Mundu Martxako abestia egin zuten:Bandera Moreak. Maiatzean bigarren diskoa aurkeztuko dute. Gaur egun, kide hauek osatzen dute taldea: Miren Narbaiza, Maite Martiarena, Patxi Agirre eta Ilargi Agirre.