Artisten lana jendaurrean konstante bat da Kutxa Kultur Plazan, berau ireki zenetik. Hainbat arlotako artistak izan dira bertan zuzenean sortzen, eta prozesu horretan sartu da orain Iñigo Aristegi eskultore donostiarra; apirilean zehar eskultura bat egitea proposatu zaio, eta dagoeneko jarri dio izena: “Saint Surf Sebastian”.
Bihar -ostirala, apirilak 1-, 20:00etan aurkeztuko du artistak bere proiektua, eta sortze-prozesu horretan arituko da egunero (asteazkenetan eta 16, 23 eta 24an izan ezik) 19:00 eta 20:30 artean; apirilaren 30ean, larunbatean, amaituko du. Prozesuaren jarraipen zuzena egin ahal izango dute herritarrek Kutxa Kultur gune publikoan, Tabakalerako laugarren solairuan.