k
u
l
t
u
r

Kutxa  Kultur

eu es

2018/19ko egonaldien deialdia



Kutxa Fundazioak garatzen dituen jardueren barruan, Gipuzkoako moda sortu eta diseinatzen duen munduari laguntzeko plataforma izatea da Kutxa Kultur Moda programaren eginkizuna. Programa honen helburua probintzian gora egiten ari diren diseinatzaileak eta amateurrak bultzatzea, prestatzea eta sustatzea da, etorkizun hurbilean beren ibilbide profesionala garatu dezaten modaren sektorean.

Kutxa Fundazioak uste du Gipuzkoak beharrezko osagai guztiak dituela berriro ere modan, enplegua sortzeko ahalmen handia duen sektore batean, erreferente izateko.

Halaber, programa honen lehentasunezko helburua da Gipuzkoako beste eragileekin sareak ehuntzea eta guztien artean moda-sektorearen balio-katea berrezartzen laguntzea, eta horretarako Kutxa Fundazioak eragileen arteko hitzarmenak sustatzen jarraituko du.

Gainera, Kutxa Fundazioak bere ezaugarrien artean du iraunkortasunaren garapena sustatzea. Helburu horrekin, Kutxa Kultur Modak ingurumen- eta gizarte-irizpideen aplikazioa bultzatuko du programa honen ekintza guztietan.


EGONALDIETARAKO DEIALDIA

Deialdi honek gure egonaldi-programa bultzatu eta Gipuzkoan gora egiten ari diren eta amateur diren sei diseinatzaileren hazkunde eta garapen profesionala sustatu nahi du.

Hautatuei lekua eskainiko zaie beren lana egin dezaten Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Fabrikan, baita beraien bildumak sortzeko baliabideak, prestakuntza, sustapena eta aholkularitza profesionala ere.

Egonaldiek urtebeteko iraupena izango dute. 2018ko azaroan hasiko dira eta 2019ko azaroan amaituko dira bilduma Kutxa Kultur Moda desfilean aurkezten dutenean, horrela amaituz beraien egonaldia.


OINARRIAK

1- Kutxa Fundazioak hau eskainiko die hautaturiko diseinatzaileei:

Prestakuntza:

>> Ekonomikoa: lehen hiruhilekoan, negozio-eredu bat eta bere bideragarritasuna zehazteko beharrezko prestakuntza eskainiko da.

>> Teknikoa: Moda, marketin, iraunkortasun, sare sozialetako komunikazio eta beste eremu batzuetako Masterclass-ak emango dira, egoiliarren premia generikoak eta haietako bakoitzaren premia bereziak aztertu ondoren.

Egonaldia. Kutxa Kultur Fabrikan langune bat lagako da, honako hauez hornituta:

>> Industria-ekipamendua: josteko makinak, arraste hirukoitzekoak, puntada ikusezinekoak, konpontzeko makinak, estaltzekoak, ebakitzekoak, lisakinak, ebaketa eta patroigintzako mahaiak, asto eta maniki doigarriak eta erakusketakoak.

>> Estudioa eta banako boxak.

>> Bezeroen arretarako showrooma.

>> Banako armairuak.

>> Jendearentzako erakusketa-gunea Kutxa Kultur Plazan, Tabakalerako laugarren solairuan.

Sustapena. Egonaldian sustapen-bideoa grabatuko zaie Kutxa Fundazioaren sare sozialetan eta beste plataforma batzuetan zabalduko dena. Gainera, diseinatzailearen informazioa moda-aldizkari, sektoreko enpresa eta estatuko ekitaldi eta moda-ibiltokietara bidaliko da. Kutxa Fundazioak probintziako hainbat gunetan topaketak antolatuko ditu bezero izan daitezkeenekin, diseinatzaileei mundu profesionalera jauzi egiten laguntzeko.

Desfileak. Kutxa Fundazioak gutxienez bi desfile antolatuko ditu, lehenengoa Tabakaleran, bigarrena Kutxa Kultur Plazan, hautaturiko diseinatzaileen aurkezpen-gutun gisa balioko duelarik. Bestea egonaldiaren amaierako Kutxa Kultur Moda desfilea izango da, eta diseinatzaileek 10 look-en azken lana erakutsiko dute bertan.

Kultura- eta enpresa-bisitak: Kutxa Fundazioak hainbat bisita sustatuko ditu Gipuzkoako enpresa eta kultura-guneetara, diseinatzaileek enpresa-mundua, historia, kultura eta inspirazio-iturriak hobeto ezagutu ditzaten.

Diru-kopurua. Kutxa Fundazioak 1.000 euro emango dizkio egoiliar bakoitzari egonaldi-amaierako desfile-bildumarako materiala erosteko xede bakarraz, eta fakturak aurkeztu ahala egingo da horren ordainketa.

Prestakuntza-saioetara erregulartasunez joatea, ezarritako epeetan negozio-plana aurkeztea, irizpide iraunkorrak erabiltzea eta Kutxa Fundazioak antolaturiko desfileetara joatea: nahitaezko betebeharrak izango dira Kutxa Kultur Moda egonaldi-deialdi honetan hautaturiko diseinatzaileentzat, eta horiek ez betetzea parte-hartzea bertan behera utzarazteko arrazoi izan daiteke.

2- Parte-hartzaileak
Deialdi honetaz balia daitezke gora egiten ari diren diseinatzaileak edo/eta amateurrak, eta horrelakotzat hartuko dira moda-munduan hasten ari direnak edo ibilbide profesional laburra dutenak, gipuzkoarrak edo gipuzkoar izan gabe Gipuzkoan bizi direnak, betiere betetzen badute hartutako konpromisoa, hots, erregulartasunez joatea Kutxa Fundazioak beraien garapen profesionalerako egonaldien esparruan antolatuko dituen prestakuntza-saio, bilera eta ekitaldietara.

3- Izena emateko epea
2018ko ekainaren 20tik azaroaren 30era.

4- Aurkeztu beharreko dokumentazioa

>> Eskabide-formularioa behar bezala beteta. Deskargatu

>> Negozio-eredua eta -plana, garatuta edo garatuko dena.

>> Lau zirriborro “jantziak” kategorian. Zirriborro bakoitzak gutxienez DIN A3 tamainako (42cm x 29’7cm) irudikapena izan behar du, aurretik eta atzetik ikusita. Zirriborroen teknika eta gaia librea da.

Deskribapen zehatza ere gehituko da, gehienez 500 hitzekoa, eta hor sartu behar dira:

Deskribapena edo bilduma-lerroak.
Inspirazio-motiboa.
Irudiak eta zehaztapen teknikoak.
Bilduma-motaren adierazpen argia: emakumezkoa/gizonezkoa/haurra.
Erabiliko diren materialen deskribapena eta laginak.

Aurreko lau zirriborroetako bat erabat burututa aurkeztu behar da zehazturiko materialetan.

5- Kutxa Fundazioak epaimahai bat izendatuko du moda-munduarekin profesionalki erlazionaturiko pertsonek osatua. Epaimahai honek hamar proposamen onenen aurre-hautaketa egingo du.

Hautaketarako honako hauek balioetsiko dira:

Sormena
Iraunkortasun-irizpideak
Jantzien akabera
Aurkezpena
Negozio-eredua ezartzeko ahalmena
Kutxa Kultur Fabrikara erregulartasunez etortzeko konpromisoa
 Egonaldiko prestakuntzara etortzeko konpromisoa

6- Banako elkarrizketa egingo zaie aurrez hautaturiko hamar diseinatzaileetako bakoitzari, eta hor beren proiektua defendatu beharko dute Kutxa Kultur Modako arduradunen edo/eta epaimahaiaren aurrean, eta proposamenen artetik sei onenak hautatuko dituzte, gehi erreserbako beste bi. Hautaturiko lana/diseinua proposamen artistiko bat baldin bada, jantzien edo/eta osagarrien lerro komertzial bat sortzea eskatuko da.

7- Epaimahaiaren erabakia prentsaurrekoan jakinaraziko da eta bertan aurkeztuko dira 6 diseinatzaile hautatuak; prentsaurrekoa Kutxa Kultur Plazan izango da, Tabakalera eraikineko laugarren solairuan, 2018ko azaroaren 5ean.

8- Dokumentazioa bidaltzea

>> Formularioa eta eskaneaturiko zirriborroak hona bidali behar dira: kutxakulturmoda@kutxa.eus

>> Egindako jantzia, formularioaren kopiarekin eta zirriborroekin batera, Kutxa Kultur-en informazio-gunean entregatu behar da Tabakalerako laugarren solairuan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era, astelehenetik ostiralera, gutun-azalean hau jarrita: Kutxa Kultur Moda / 2018-19 egonaldietarako deialdia

Itxi
Itxi
ico-facebook-color ico-twitter-color ico-googleplus-color