Lebohang Kganye “Ke Lefa Laka”
Bere ama hil ondoren, Lebohang Kganye artista hegoafrikarra berarekin zuen lotura mantentzen saiatu zen, amaren objektu pertsonalak berrikusiz. Horien artean, ordura arte ikusi gabe zituen argazki eta jantziak aurkitu zituen. Irudiotan, ama modako emakume irribarretsu, ausart eta eder gisa agertzen zen.
Kganyek Roland Barthesen La chambre claire liburuko testua erreferentziatzat hartzen du, Barthesek bere amaren presentzia espektrala kontatzen baitu hil ondoren bere argazkiak berrikustean. Horrela hasi zen mamuaren ideia Kganyen lanean azaleratzen. Bere kasuan, ordea, ez zen irudiak aztertzera mugatu, argazkiak atera ziren lekuak ere bisitatu zituen, amak erabiltzen zituen zapata eta soinekoak jantzi eta bere jarrera berberak imitatu zituen. Ondoren, bere amaren argazkiak gainjarri zituen esposizio bikoitzetan egindako eszenifikazioekin, beraien esperientziak konektatzeko eta beraien presentzia bizirik mantentzeko asmoz.
Kganyeren fotomuntaiek irudiaren mugak aztertzen dituzte, memoriarako tresna ere badirelarik, eta horrezaz gain, irudimenezko elkarrizketa bisual baten bidez, amaren eta alabaren arteko identifikazio bat eragiten dute.
Lebohang Kganye
1990ean Johannesburgon, Hegoafrika, jaio zen Lebohang artista bisuala, bere lanean eskultura, performancea, instalazioa eta zinema barne hartzen dituena. Argazkigintza ikasketak Market Photo Workshopen hasi zituen, Johnnesburgon, 2009an, eta 2011n jarraitu. Johannesburgoko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu zen 2014an eta, gaur egun, Arte Ederretako masterra ikasten dihardu Witwatersrand Universityn. Hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Grand Prix Images Vevey (2021/22), Paulo Cunha e Silva Art Prize (2020), Camera Austria Award (2019) eta Rolex Mentor & Protégé Arts Initiative (2019). Gaur egun, Lebohangek hainbat erakusketa kolektibotan parte hartzen du, Family Affairs. Family in Current Photography eta The Power of my Hands, adibidez, Deichtorhallgo House of Photographyn, Hanburgo, eta Parisko Musée d‘Art Modernen, hurrenez hurren. Horretaz gain, Afterglow Yokohama Museum of Art (2020), Africa State of Mind, Royal West of England Academy, Bristol (2019-2020) eta San Frantziskoko Museum of the African Diasporan (2019) ere izan ditu erakusketak.
Erakusketa hau GETXOPHOTO Nazioarteko Irudi Jaialdiaren programazioaren parte da. Elkarbanatu lemapean, Jaialdia irailaren 2tik 26ra ospatuko da Getxon.
Erakusketa 2021eko irailaren 9tik urriaren 24ra | Tabakalera zentroko ordutegia OHARRA: Kasu batzuetan, Kutxa Kultur Plazan egiten diren jardueren ondorioz, baliteke erakusketaren zati bat bisitatzerik ez izatea. |