Lorena Ottero argazkilari donostiarraren aldi bateko erakusketa.
Musika (grekotik: μουσική [τέχνη] – mousikē [téchnē], «musen artea»), terminoaren definizio tradizionalaren arabera, zera da: soinu eta isiluneen konbinazio koherentea sentikor eta logikoki antolatzeko arte edo antzea, melodiaren, harmoniaren eta erritmoaren funtsezko printzipioak erabiliz.
«Soinu eta isiluneen antolaketa sentikor eta logiko» honi argia, gorputza eta mugimendua gehitzen badizkiogu, zerbait magikoa lortuko dugu, eta agertoki edo oholtza gainean, leku bitxi horietan, bere tamaina edo forma gorabehera, musikak presentzia berezia lortzen du. Oholtza gainean, soinua, argia, absentzia, isiltasuna, mugimendua, … era magikoan uztartzen da dena hari edo ildo nagusi bakar baten bidez, emozioak/emozioa.
Atzematea baino gehiago, argiaren eta mugimenduaren bateratze harmoniko hori berrinterpretatzea da agertoki gainean gertatzen denaren une izoztu bat lortzeko era bakarra. Berrinterpretatzeak, hala ere, segundo-zati batean gertatzen delarik, sortu zuen kanal berbera erabiltzen badu bakarrik transmititu dezake leku bitxi horretan gertaturikoa; izan ere, soinuaren absentzia fisikoaren aurrean, emozioak piztea da «musen artea» grafikoki gauzatzeko era bakarra.
Daniel G. Valero