Eskaera Araudia
Deskargatu dokumentazio hau:
KUTXA FUNDAZIOAREN GUNE-ESKAERA + BANKU HELBIDERATZEA
Bete ondoren, bidali helbide elektroniko honetara: kutxakulturaretoak@kutxa.eus
KUTXA KULTUR ARETOEN ARAUDIA
- Enpresek edo erakundeek (aurrerantzean, ‘erabiltzailea’ ere bai) Kutxa Fundazioaren (Tabakalera) guneen aldi baterako lagapena eskatu ahal izango dute horien erabilera esklusiborako. Eskaerak lagapenaren hasiera-data baino 30 egun natural lehenago egin beharko dira gutxienez.
- Erabiltzailea arduratuko da jarduera garatzeaz, eskaeraren edukiaren egiazkotasunaz eta gune edo lekuak lagatzeko araudi hau betetzeaz
- Debekaturik dago Kutxa Fundazioaren guneetan salmenta, publizitatea edo sustapena egitea helburu ekonomikoekin.
- Egile, edizio, erreprodukzio, publizitate, erakusketa eta abarren eskubideengatik baimena lortu, tasak ordaindu eta abar egin behar dituzten ikus-entzunezkoak, entzunaldiak edo beste edozein elementu erabiltzen badu erabiltzaileak aretoan, haren erantzukizuna izango da legeak erabilera horretarako eskatzen dituen baimen edo lizentzia guztiak eskuratzea, eta Kutxa Fundazioak ez du inolako erantzukizunik izango.
- Kutxa Fundazioa gune edo lekua lagatzera mugatuko da. Ustekabeko edozein zirkunstantziaren aurrean, edo COVID 19ak eragindako osasun-alarmaren ondorioz (besteak beste, osasun-agintariek behartuta edo gomendatuta) Kutxa Fundazioak ekitaldi jakin bat bertan behera utzi edo instalazioak itxi eta lagapena ezeztatu egin beharko balu, hori ez litzateke, inola ere, antolatzaileei, parte-hartzaileei edo beste esku-hartzaile batzuei kalte-ordaina emateko arrazoi izango.
- Hala dagokionean, programazio-aldaketak gauzatzeko, aldez aurretik Kutxa Fundazioari jakinarazi eta beraren baimen idatzia lortu beharko da.
- Ekitaldi bakoitza egiten den bitartean, lagatako leku edo gunean dauden elementu tekniko eta apaingarriak bakarrik erabili ahal izango dira, aldez aurretik eskatuta. Horri dagokionez edozein aldaketa berariaz eta idatziz baimendu beharko du Kutxa Fundazioak, eta horren ondoriozko gastuak erabiltzailearen kontura izango dira.
- Catering egitea kasu bakoitzean banan-banan ebaluatuko du Kutxa Fundazioak. Antolaketa eta horren ondoriozko kostuak, hala badagokio, erabiltzailearen kontura izango dira, eta Kutxa Fundazioak horri buruz ezartzen dituen jarraibideen arabera egingo dira.
- Edukieraren kontrola erabiltzailearen kargura izango da, eta, nolanahi ere, bera arduratuko da hori betetzeaz. Lagatako gunearen edukiera une bakoitzean aplikagarria den araudiaren arabera zehaztuko da. Mugikortasun murriztuko pertsonen kasuan, Kutxa Fundazioari aldez aurretik abisatzea eskatzen da, behar bezala antolatzeko.
- Ekitaldia egin bitartean, soilik euskarri propioa (roll-up edo antzekoak) duten elementuak erabiliz jarri ahal izango da horren publizitatea, Kutxa Fundazioak adierazitako lekuetan.
- Ekitaldiaren publizitatean helbide osoa jarriko da: Kutxa Fundazioa Plaza (4. solairua, Tabakalera) edo Kutxa Fundazioa Kluba (1. solairua, Tabakalera).
- Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren ─datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoaren─ eta abenduaren 5eko 3/2018 Legearen ─Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoaren─ arabera, jakinarazten dugu erabiltzailea izango dela egindako irudi, bideo edo audioen tratamenduaren arduraduna, eta haren kontu izango dela informazioa emateko eginbeharra eta irudiak hartzeko bertaratutakoen adostasuna lortzeko eginbeharra betetzea ere, Kutxa Fundazioa erantzukizun guztietatik salbuetsita utziz.
- Kutxa Fundazioaren gune edo lekuek beren langileak dituzte instalazioen eta ekipamenduen mantentze-lanetarako. Bisitarien arreta, espezialisten lan eta abarretarako erabiltzaileari sortzen zaizkion premia edo beharrak bere kontura izango dira, baina betiere aurretik Kutxa Fundazioaren baimen idatzia lortuta eta honen arduradunek ezartzen duten funtzionamendu-araubidearen barruan.
- Zentroaren arduradunak emandako agindu eta argibide guztiak betetzera eta betearaztera konprometitzen da erabiltzailea, batez ere Kutxa Fundazioak Tabakaleran dituen guneetan egon litezkeen arrisku orokorrei buruz eta larrialdi-egoeraren bat gertatuz gero hartu beharreko neurriei buruz jasoko dituen argibideei dagokienez.
- Lekua eta instalazioak lagatzen zaizkion egoera berean itzultzeko konpromisoa hartzen du erabiltzaileak, eta egindako jardueraren ondorioz bertan sortutako kalte-galeren erantzukizuna izango du, bai eta bere esku utzitako materialena ere. Ondorio horietarako, erabiltzaileak erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko du, Kutxa Fundazioak zehaztutako baldintzetan gutxienez, lagatako lekuetan garatuko den jardueraren arabera.