Intza

2022/05/20
Intza Unanue Arruabarrenak 1996ko neguan eman zion hasiera musikaz beteriko bizitzari, Gipuzkoako kostaldean, Orion. 14 urte zituela, musika, bere jolas gogokoenetakoa izatetik, bidelagun izatera igaro zen 2011n hasi baitzuen ibilbide profesionala Benito Lertxundiren taldearen parte bihurtu zenean.
Urte luzez paper zati ezberdinetan bere sentimendu eta bizipenetatik sortutako letrak idazten ibili da, non amaituko zuten ere jakin gabe. 2018an, ordea, paper zatiak loratzen hasi ziren melodiekin nahastu eta kantu bihurtu zituenean. Bertan sortu zen Intza. Bere errealitatetik aldentzen duen unibertso musikal paralelo bat.
Unibertso hori erakustera dator, «Ilundu aurretik» EParekin. Pop doinuen eskutik, baina oraindik soinu propioa aurkitzeko bidean. Aurkezpen kontzertuan albunean bezala, hainbat musikari izango ditu lagun; Aritz Pardina (gitarrak), Imanol Arruti (bateria eta perkusioa), Ane Bobadilla (teklatua eta pianoan), Ainara Zamakola (biolina) eta Jesús Pérez (baxua).
Intza Kutxa Kultur Musika 2022rako hautatutako bakarlaria, musikaren arloko egoitza artistikoen programarako, Kutxa Fundazioak sustatua. Gure lurraldeko talde edo bakarlari berrien hazkunde eta garapen profesionala bultzatzeko sortu zen, eta 2011. urtetik ari da garatzen.
Covid-aren egoerak hala eskatzen badu, osasun agintariek adierazten dizkiguten aldaketak eta protokoloak egin eta aplikatuko dira.