k
u
l
t
u
r

Kutxa  Kultur

eu es

Argazkintzaren historia eramangarria. Lola Garrido Bilduma

2018/11/23

compartir

Lekua: Kutxa Kultur Artegunea

Dohainik


Lola Garrido bildumagilearen erakusketa honek 78 egileren 120 argazki biltzen ditu. Irudiak bilduma osatzen duten 700etik gora lanen artean hautatu dira.

Garridok berak dioen bezala, bere bilduma autobiografikoa da, eta bertan hainbat gai errepikatzen dira; esaterako, moda, emakumea eta abangoardiak. Erakusketa ikusterakoan jabetuko gara Lola Garridok bereziki maite dituela enkoadratze modernoa duten argazkiak, baita protagonista emakumeak dituztenak ere. Nolanahi ere, hainbat genero ikusiko ditugu irudikatuta. Besteak beste, erretratua, natura hila, hiri-paisaia, argazki dokumentala edo zientifikoa izango ditugu ikusgai mendebaldeko argazkigintzaren historiari eskainitako begirada osatu honetan.
Bildumak 1865etik gaur egunera arteko lanak biltzen ditu, baina corpus nagusia aurreko mendeko 20ko hamarkadatik 60ko hamarkadara arteko lanek osatzen dute. Hautaturiko irudietako asko memoria bisual garaikidearen zati dira. Robert Caparen 1937ko Miliziano baten heriotza garai guztietako argazki ezagunenetako bat bihurtu da. Beste horrenbeste esan daiteke Dorothea Langek 29ko Depresio Handiaren ondorengo AEBetako landaguneko bizi baldintzak dokumentatzeko 1936an egin zuen Ama emigrantea argazkiaz, Wanda Wulzek sinaturiko 1932ko Io+gatto fotomuntaketa bikainaz, edo Marilyn Monroeren azken argazki saioa biltzen duen Bern Sternen lanaz. René Magritte, Alexander Rodchenko, Robert Mapplethorpe, Henri Cartier-Bresson, Diane Ar¬bus, Madame Yevondé edo Inge Morathen izenek areagotu egiten dute erakusketan aurki dezakegun artista-zerrendaren bikaintasuna.

Laginak 1865 eta 2007 artean dataturiko argazkiak biltzen baditu ere, muntaketak nahita egiten dio uko aurkezpen sekuentzial bati. Erakusketak lotura tematikoak iradokitzea eta irudien artean elkarrizketa bisualak ezartzea bilatzen du, haien egilea nor den edo zer unetan egin ziren gorabehera. Ez dago kapitulu itxirik, baizik eta kontzeptu irekiak, ikusleak antzekotasunak eta paralelismoak azter ditzan edo, aitzitik, aniztasuna eta diskordantziak.


Datak eta ordutegiak 

Argazkigintzaren historia eramangarria. Lola Garrido bilduma erakusketa 2018ko azaroaren 23tik 2019ko otsailaren 17ra egongo da ikusgai Kutxa Kultur Artegunean, asteartetik igandera, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 21:00etara. Beti bezala, sarrera doakoa izango da.

+ INFORMAZIO GEHIAGO: KUTXA KULTUR ARTEGUNEA

Itxi
Itxi
ico-facebook-color ico-twitter-color ico-googleplus-color