k
u
l
t
u
r

Gainbalioa. 2022 Artxibo kolektiboa

Urtarrilaren 10etik apirilaren 15era

compartir


Kutxa Fundazioaren Fototekaren argazkiak oinarri dituen esku-hartze artistiko bat aurkeztuko du Artxibo taldeak Kutxa Kultur Plazan, Fototekaren 50. urteurrenean.

Artearen eta kulturaren esparruko lanaren kontzeptuari eta lan-baldintzei buruzko gogoetarako txoko txiki bat.

Kutxa Fundazioaren Fototeka 1973. urtean sortu zen, eta 50. urteurrena du aurten, beraz. Fototekaren artxibo oparoak 1.800.000 argazki-objektu biltzen ditu, gutxi gorabehera, 30 funts eta bildumatan antolaturik. Sorrerako bi funtsez gainera (Photo Carte eta Foto Marín), orobat gordetzen ditu zenbait fotokazetari esanguratsuren legatuak –hala nola Arturo Delgadorena eta Javier Gallegorena–, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako argazkiak –esate baterako, Rafael Munoaren bilduma– eta Gipuzkoan finkatu ziren lehen argazkilarien funtsak, Hermenegildo Otero, Valentín Marín eta Miguel Aguirrerenak.

Bildumako dokumentuen bolumena nahiz izaera askotarikoa eta berezia kontuan hartuta, artxibo berdingabea da gure Fototeka, zeinaren helburu nagusia baita Gipuzkoaren memoria gordetzea iruditan.

2023an zehar, kontserbazio- eta katalogazio-lanei jarraipena emateko asmoa dugu, baina, efemeride hau ospatzeko, zenbait ekintza antolatuko ditugu, halaber, artxiboaren edukia ezagutzera emateko. Gure xede behinenen artean baitago, hain zuzen ere, funts honetarako sarbidea zabaltzea eta irakurketa eta ikerketa berriei bide ematea.

Testuinguru horretan ari gara Sara Berasaluce Duquek (1992, Vitoria-Gasteiz) eta Tamara García Iglesiasek (1978, Lasarte) osatzen duten Artxibo taldearekin lankidetzan, zeinak lan egiten baitu artxiboko irudiak berrinterpretatzen.

Gainbalioa esku-hartzea elkarteak 2021ean abian jarritako Emakumea_Makina_Fabrika proiektuaren baitan sortu da. Hain zuzen ere, emakume langileak lurraldeko fabriketan ageri ziren artxiboko argazki hautatuak berrinterpretatzeko deia egin zitzaien emakume artistei. Eta, emaitza gisa, zenbait pieza sortu dituzte hamaika artistak, artxiboko irudi haietatik abiatuta.

Argazkia: Pascual Marín, 1940-1959. Kutxateka


Kasu honetan, ARTXIBOk gogoeta proposatzen digu testuinguru artistikoaren esparruan lanak duen esanahiari buruz, eta orobat proposatzen digu berriro heltzea borroka sindikalaren bidez hedatutako hizkerari, zenbait terminori buruzko hausnarketa egiteko: autogestioa, autonomoa, enplegu-aniztasuna. Hori guztia, Gipuzkoako zenbait lantegitako piezen eta makinen erreportaje batean oinarrituriko testu bat eta irudi bat abiapuntu hartuta. Piezen eta makinen argazkiak Kutxa Fundazioaren Fototekaren artxiboaren jabetzakoak dira, 50eko eta 60ko urteetan ateratakoak, eta erreportaje haien asmoa zen teknologia erregistratzea, langileen esku-hartzerik gabe: makina erakustea bere horretan ondasun gisa harturik, lan-indarretik bereiz.

Orain, aukeratutako irudiaren asmoa da alderdi mekanikoaren garrantzia arintzea eta langile-diskurtso aldarrikatzaile bat berridaztea, gaur egungo esperientzia pertsonaletik hurbilagokoa, kontakizun emozionala ardatz harturik. Makinen zatiak, oihal harrotan inprimatuak, gogoraraziz zein beharrezkoa den langile-borrokako hiztegitik Gainbalioa berreskuratzea, eta gainbalio hori erakustea sotilki, eguzki-argiaren arabera agertzen eta desagertzen dela, testuinguru artistikoan duen esanahi erabat lausoaren ikur gisa.

Andre zigarrogileak plaza, 1 (Tabakalera). 20012 Donostia
Tabakalera eraikinaren ordutegia

Sarrera librea

 

Itxi
Itxi
ico-facebook-color ico-twitter-color ico-googleplus-color