Edizio asko dira jada Kutxa Fundazioak Korrika modu batean edo bestean babesten duela. Aurten kontuan izanik, apirilak 10ean, Korrika Donostian amaituko dela, Kutxa Fundazioak modu ezberdinetan lagunduaz parte hartu nahi izan du euskaldunon ekitaldi garrantzitsu honetan.
Kutxa Fundazioa, besteak beste, kultura sustatzea helburu duen fundazioa da, eta horretarako laguntza ematen die esparru horretan proiektuak garatzen eta bultzatzen dituzten erakunde eta entitateei. Korrikak funtsezko helburutzat du, Euskal Herrian euskara normaltasunez erabiltzea, eta Korrika Txikia izeneko jarduera antolatzen du horretarako besteak beste, eta Kutxa Fundazioa jarduera honen antolakuntzan lagundu nahi izan du.
Honez gain, aurtengo Korrika Donostian amaitzen da apirilak 10ean eta Kutxa Fundazioko langileek lekukoa eramango dute Loiola auzoan kilometro batean zehar goizeko 11.00ak inguru.
Eta egun berean, Gipuzkoako hiriburuan ospatuko den Korrika Jaian, Kutxa Fundazioak bi guneetan parte hartuko du jarduera ezberdinen bitartez:
- Batetik haur eta familien gunean, Alderdi Ederren txikientzako jarduerak antolatuko ditu arratsaldeko 15:00etatik 17:00etara. Jolas librea baratzan jarduera bitartez, material natural ezberdinekin jolas librera gonbidatuko da adin guztietako jendea. Landatu eta barazkiekin jolasteaz aparte, harriekin norberak bere kasara baratza apaindu egingo du, karretilekin garraio jolasak egingo dituzte, ureztontziekin joko sinbolikoa… Eta jolas kooperatiboan, parte hartzaile guztien artean, trapillo eta egurrez, eraikuntza kolaboratibo bat egingo da.
- Bestetik, Zuloaga Plazan gazteentzako antolatu duten gunean, arratsaldeko 16:30etan gaur egun Kutxa Kultur talde egoiliarra den Lamiak taldeak kontzertua eskainiko du. Lamiak, Donostian 2017an sorturiko hard rock power trio musika taldea da. Haien eraginik nabarmenenak bai euskal eta bai nazioarteko stoner-hard rock taldeak dira, hala nola, Berri Txarrak, Kuraia, Black Sabbath, edo Kyuss. Gehienbat euskarazko musika egiten dute.Ondoren, 17:30ak inguru, iaz Kutxa Kultur Musikan parte hartu zuen, Mugan taldeak joko du Zuloaga Plazan. Mugan 2017. urtean sortutako musika banda gipuzkoarra da, folk talde donostiarra. Beraien hitzetan, 2021ean Kutxa Kultur egonaldia egin ostean, ikasi dutena praktikan jarri eta 2022an etorriko da Mugan taldearen lehen diskoa.