Kutxa Kultur Enea, Kutxa Fundazioak 2016. urtean sustatutako kultur industrietako ekimenari laguntzeko lehen programak, proiektu berriak ezagutu eta laguntzeko deialdia ireki du.
Kutxa Kultur Enea programa liderra da sorkuntza-, dinamika- eta berrikuntza-komunitate batean kultura-arloko enpresa-proiektuak sortzen laguntzeko. Hainbat proiektu bultzatu dira urte hauetan programan. Gehienak arlo hauetan nabarmendu dira: diseinua eta komunikazioa, arte eszenikoen sustapena, modaren industria, arkitektura eta ikus-entzunezkoak. Aurten, gainera, bereziki baloratuko dira zientzia, teknologia eta gizarte arloetako zeharkako ikuspegiak dituzten proiektuak.
Programa honetan parte hartu ahal izango dute Gipuzkoan errotuta dauden profesional, ekintzaile, elkarte edo enpresak, izaera berritzaileko kultur ekimen edo proiektuak garatzen ari direnak eta, batez ere, Gipuzkoari balio erantsia ematen diotenak. Kontuan hartuko da negozio-ideia bat identifikatuta dutela, ideia hori garatu eta/edo gauzatu nahi dutela, eta argi eta garbi apustu egiten dutela elkarrekin bizitzeko, partekatzeko, lankidetzan aritzeko eta sormen-iturri gisa beste eragile batzuekin konektatzeko. Proposamenak berrikuntzan, enpresan eta kulturan adituak diren pertsonen batzorde batek aztertuko ditu.
Programan parte hartzen dutenek honako eskubideak izango dituzte:
• Espazio fisiko eta birtualetarako sarbidea, baita Tabakalerako lan-espazioak eta bilera-gelak erreserban izatea ere.
• Negozio planaren eta bideragarritasun planaren inguruko urteko prestakuntza plana, soft skills pertsonalen garapena eta sektoreko profesionalek emandako tailerrak.
• Proiektuei laguntza eta aholkularitza pertsonalizatua ematea, tutoretza eta laguntzaren bidez.
• Komunitate- eta networking-jarduerak, kultura- eta/edo enpresa-eragileekin, aukera eta ideia berriak sortzeko.
• Kulturarekin eta enpresa-munduarekin lotutako ekitaldietan parte hartzea.
Orain, ekosistema berritzaile horrek proiektuak jasotzeko epea irekitzen du, 2022ko martxoaren 13ra arte.