k
u
l
t
u
r

Kutxa Kultur Musika 2022 | bakarlariak eta hautatutako bandak

compartir


Atseginez jakinarazten dugu burutu dugula Kutxa Kultur Musika 2022 Egonaldi-programan parte hartzeko taldeen hautaketa. Aukeraketa egin duen epaimahai gaituko kideak honako hauek izan dira:

• Iker Bárbara. Zarata-Mondosonoroko arduraduna.
• Julen Idigoras. Irrati-esataria Gaztea B Aldea-n.
• Iñigo Argomaniz. Get In-eko bazkidea eta zuzendaria.
• Mikel Amundarain. Oso polita (Last Tour).
• François Maton. Atabal zuzendari artistikoa.

Onarpen-epea amaituta, 71 proposamen aurkeztu dira deialdira, guztiak artista gipuzkoarrenak, eta, beste behin ere, pozik eta harrituta utzi gaitu jasotako proposamenen kopuruak, kontuan hartuta pandemiaren ondorioz lurraldeko talde amateur gehienek ezin izan dutela erregulartasunez entseatu, ezta kontzerturik eman ere. Hala ere, argi geratu da hobetzeko eta musikaren industrian beren lekua aurkitzeko gogoz jarraitzen dutela taldeek.

Lurralde-banaketa aurreko edizioetan baino ere nabarmenagoa izan da, eta Bidasoalde, Debagoien, Debabarren, Urola Kosta, Tolosalde eta Donostialdeko proposamenak izan ditugu.

Iaz bezala, aurkeztutako taldeen % 70ek euskara erabiltzen dute beren errepertorioan, baina emakumeen presentzia duten taldeen kopuruak behera egin du, eta % 38 dira orain.

Proposamenen kalitateak pozik eta harrituta utzi du epaimahaia, lehen hautaketako 21 taldeei 10etik 7koa baino puntuazio handiagoa eman die eta. Batzordeak, halaber, aniztasuna nabarmendu du, musika-generoena ez ezik, musikarien profilena ere bai. Hala ere, rock, pop-rock, power rock eta folkaren presentzia nabaria izan da.

Uste dugu hautaturiko sei proiektuek hazteko ahalmen handia dutela, eta Kutxa Kultur-etik beren bidean lagunduko diegu honako hauei:

KYXO  2019ko amaieran Urnietan (Gipuzkoa) jaiotako taldea da. Eurek “chillwave” deituriko soinuarekin, dream pop edo shoegaze estiloen inguruan dabiltza. 2020ko irailean “Agoor” argitaratu zuten, bere lehen EPa. Sonido Indie webguneak 2020. urteko “lehen soinu gorakorra” izendatu zuen Kyxo; eta Noiz Agendak, berriz, honela deskribatu zituen: “Igande-kronika, Mac DeMarco, Vera Fauna eta milurte ondoko belaunaldian munta handiko pop baporetsuaren eskolaren zaporea duena”.
Euskal Herriko hainbat aretotan jotzeko aukera izan dute. Kontzerturik berezienetako bat Donostiako Dabadaba aretoan “Él Mató a un Policía Motorizado” bandarekin batera eskainitakoa dago.
JULEN  Julen Leturiondo 20 urteko gazte eibartarraren proiektu pertsonala. Abesbatzetan parte hartzeaz gain, musika-taldetan ere parte hartu du eta hainbat musika-tresnari buruzko ikasketak egiteko aukera izan du. Baina oraingoan, Julenek bere proposamen artistikoa bere kasa aurkezten digu, bere musika ezagutzera emateaz gain, beste hainbat diziplina artistikoren (diseinu, argazkigintza, bideogintza eta abarren) arteko lotunea izateko helburuarekin. Proiektu honetan, Julenek euskara eta espainiera nahasten ditu, sonoritate berriak sortuz horrela, eta sortu berria den musika-talde baten laguntza du, hor daudelarik Asier Cascan (gitarra), Eñaut Armentia (baxu elektrikoa) eta Josu Cascan (perkusioa).
LAMIAK  2017an sortua, Donostiako rock talde honetan Ander Aranburu (gitarra eta ahotsa), Xabi Arrazola (baxua) eta Xabier De la Fuente (bateria) daude. Beraien lehen albuma, Itsuen Aroa, Gaztain estudioetan grabatu zen 2019an. Zortzi abestiko luzea irailaren 3an argitaratu zen eta lehen aurkezpen-kontzertua Dokan egin zen. Ondoren, beste kontzertu batzuk eman zituzten Euskal Herri osoan zehar, pandemiak dena geldiarazi zuen arte. 2020an bigarren diskoan hasi ziren lanean eta abenduan estudiora itzuli ziren. Bigarren lanaren aurrerapen gisako hiru single argitaratu dira 2021ean: “Eskerrak”, “Krokodiloaren Malkoak” eta “Bigarren Mundu Bat”. Disko osoa 2022ko otsailean emango da argitara.
DEÑE  Deñe 18 urteko kantautore azpeitiarra da, eta 14 urterekin hasi zen bere abestiak interpretatzen piano edo gitarrarekin. Piano-ikasketak 8 urterekin hasi zituen eta, handik gutxira, gitarra- eta ahots-ikasketak. Lehen abestia 14 urte zituela idatzi zuen, eta bere abestietan gure inguruko eta gure egunerokotasuneko arazo eta egoerak jorratzen jarraitzen du. Bere ama-hizkuntza euskara da, eta hizkuntza horretan konposatzen du. 29. maketa-lehiaketan parte hartu zuen, eta finaleraino iritsi zen.
TXILTXOKO Talde balioaniztun eta esperimental honek mota guztietako musika-estiloekin egiten du proba, euskara, gaztelania eta ingelesera egokituz. Hilean 17.000 entzule baino gehiago dituzte Spotifyn eta abesti aipagarriak dituzte, besteak beste, “Zugaz”; musikaren arloan aurrera egiten saiatzeko unea dela uste dute orain. Talde gazte eta gogotsu honek 3 urte baino gehiago daramatza sare sozialetan abestiak eta ekitaldiak argitaratzen; hala ere, inoiz baino gehiago, beren musika-proiektuarekin serioski lan egiteko unea dela uste dute orain, eta hori nabaritzen da beraien abestien eboluzioan eta kalitatean.
TEK AU MAISIN

Urte askoan hainbat taldetan (John Berkhout, Ane Leux, Nerabe, Pet Fennec, Havoc, besteak beste) musikari gisa aritu ondoren, Mikel Alonso bere home studio txikian bere buruarentzako abestiak konposatzen hasi zen, disko bat grabatu eta zuzenekora eramateko asmoz. 2021ean, Olivia Labarquilla piano-jotzaileak bat egin zuen proiektuarekin eta Tek au Maisin sortu zuten, synth-pop, chillwave eta psikodelia-elementuen nahasketa gisa jo daitekeena. Bertan, ahots-harmoniek, melodia sintetizatuek eta perkusio tribal eta elektronikoek markatutako soinu-paisaiak sortzen dira. Beraien erreferentziak dira musika garaikidea, adibidez Toro y Moi artista, eta 80ko urteetako taldeak, esate baterako, The System taldea, eta 80ko eta 90eko hamarkadetako zinemako soinu-banden eragin nabarmena ere badute. Proiektuaren izena hitz-joko bat da, eta batzen ditu Teki ezizena (horrela deitzen diote Mikeli gertuko lagunek) eta “au Maisin”, frantsesetik datorrena (au maison, etxean), eta Papua Ginea Berriko tribu indigena bati buruzkoa ere bada.

 

Kutxa Kultur Musika 2022 egonaldi-programan hautaturiko sei taldeek lankidetza-hitzarmena egingo dute Kutxa Fundazioarekin, eta bertan egonaldia eskainiko zaie ondorengo mugarri edo une hauen arabera:

Lehenik, bilerak egingo dira taldeekin bakoitzaren premiak detektatzeko eta horrela, beraien proposamen artistikoaren arabera, beraien proiektua garatuko da komunikazioan: zuzenekoak, diskografia-banaketa, press kitak egitea, hedabideentzako aurkezpenak… eta bandekin adosturiko estrategia ezarriko da egutegi eta guzti. Halaber, aukera eskainiko zaie, hautaturiko bandetako beste batekin partekatuta, entsegu-lokala izan dezaten, Kutxa Fundazioaren guneetan, Tabakalerako laugarren solairuan.

Egonaldian, prestakuntza emango zaie detektaturiko premien arabera: musika-ekoizpen, autoedizio, taldearen bideragarritasun-plan edo sare sozialetako komunikazioari buruzko prestakuntza. Baita ere eskainiko zaie hainbat gai grabatzeko aukera kanpoko estudio profesional batean, edo bideo klip profesionala, 1.200 €ko baliokoa, egiteko aukera.

Lehenengo kontzertua Kutxa Kultur Kluba aretoan (Tabakalerako lehen solairuan) programatuko da urteko lehen hiruhilekoan, eta taldea aurkezteko balioko du Kutxa Kultur Musika 2022 egonaldi honen barruan. Gainera, Gipuzkoan beste jarduera batzuk programatuko dira, lortzen diren aukeren arabera.

Hautaturiko taldeek, gainera, aholkularitza profesionala izango dute, besteak beste, honako helburu hauekin: egoiliarren informazioa bidaltzea aldizkari digital, TB, diskografia-etxe, programatzaile eta jaialdietara; lege-aholkularitza eskaintzea kontratazioaz; argibideak ematea jaialdi, hedabide eta programatzaileekin harremanetan jartzeko; eta sare sozialetan komunikazioari buruzko aholkularitza.

 

Itxi
Itxi
ico-facebook-color ico-twitter-color ico-googleplus-color