Irun Hiriko Kutxa Literatura Sariak banatzeko gala berezia egingo da

- 2021/11/10(e)an argitaratuta
- Argitalpenak
- Berriak
Gaztelaniazko zein euskarazko poesia eta eleberri jatorrizko eta argitaragabeei ematen zaizkie Irun Hiriko Kutxa Literatura Sariak, eta, ohikoa denez, 44. edizioan ere, Irun izango da sariak banatzeko galaren egoitza. Sariketak nazioarteko oihartzuna du, eta, aurten, parte hartzea historikoa izan da, aurrekaririk gabea.
Azaroaren 26an izango da sariketak bi urtean behin letrei egiten dien omenaldiaren ospakizuna, 19:30ean, Amaia KZn, eta interesdunek eskura dituzte dagoeneko galara joateko gonbidapenak, gehienez ere lau pertsonako, antzokiko webgunean, doan. Ekitaldiaren garrantzia dela-eta, hartzen dituztenek galara joateko konpromisoa hartzea espero da.
Sariak banatzeko gala musikaren, dantzaren, modaren, interpretazioaren eta literaturaren arteko elkarrizketa bat izango da, diziplina horiek guztiak bizikide naturalak baitira, eta bertako talentuak arituko dira erakusgarri: Iñaki Salvador pianista, María Berasarte abeslaria, Maialen Urdapilleta dantzaria, IGA abesbatza irundarra, Maitena Salinas aurkezlea –dramatizazio lanetan ere jardungo du– eta Fanny Alonso: Maitena Salinasen jantziak.
Aurten, gainera, mende erdia bete da sariak sortu zirenetik, eta, hori dela-eta, gala oso berezia izango da: Antonio Colinas poeta omenduko da, 1970eko Irun Hiriko Kutxa Poesia Sariaren irabazlea –sarien lehen edizioa izan zen 1970ekoa–, eta hil osteko keinu bat egingo zaio 1980ko euskarazko Poesia Sariaren irabazle Xabier Leteri.
Esan bezala, aurtengo parte hartzea inoiz baino handiagoa izan da, aurreko ediziokoa halako hiru, eta, guztira, 1.675 obra aurkeztu dira: 971, gaztelaniazko nobelako sariketara; 643, gaztelaniazko poesiako sariketara; 36, euskarazko poesiako sariketara; eta 25, euskarazko nobelako sariketara.
Hauek dira irabazleak eta beraien lanak:
-
David Monthiel (Cádiz) | izenburua: Historia provincial de la infamia, gaztelaniazko eleberrian.
-
Pablo Luque Pinilla (Majadahonda) | izenburua: Greenwich, gaztelaniazko olerkian.
-
Alaine Agirre Garmendia (Astigarraga) | izenburua: Karena, euskarazko eleberrian.
-
Leire Vargas Nieto (Durango) | izenburua: Dena ametsa den irudipena, euskarazko olerkian.
Autoreek, guztira, 80.000 euro jasoko dituzte saritan, trofeoaz gain, baita liburuen argitalpen eta banaketa ere, garrantzizkoena berentzat: euskarazkoez ELKAR argitaletxea arduratuko da, eta gaztelaniazkoez, Algaida.
Irungo Udaleko, Kutxa Fundazioko eta Kutxabankeko agintari eta kargudunez gain, liburuaren balio kate osoko entitate eta ordezkariek baieztatu dute sariak banatzeko galara joango direla, hala nola idazle elkarteek (Euskal Idazleen Elkarteak, Oskarbik), editore eta banatzaileek (Euskal Editoreen Elkarteak eta zenbait argitaletxek), liburu saltzaileek (Gipuzkoako Liburu Saltzaileen Elkarteak, Gipuzkoako Merkatariek) eta zenbait irakurle klubek. Hain zuzen ere, literatur sorkuntza sustatzea da sari hauen helburu nagusia, eta, horretarako, idazle berri edo ospetsuei beren obra zabaltzen eta irakurleei helarazten laguntzea.
+ IRUN HIRIKO KUTXA LITERATURA SARIAK