Ernesto Murillo (Murchante, Nafarroa, 1952) margolari eta komiki-marrazkilariak, “Simonides” ezizenez ere ezaguna denak, 2007 eta 2021 artean eginiko 32 margolan aurkezten dizkigu, non, trazu sinple eta irudi adierazkorren bidez gizarte errealitatea modu kritikoan deskribatzen duen. Erakusketa Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astearekin lankidetzan antolatuta dago.
Josemi Beltrán, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen zuzendariak, Ane Abalde, Kutxa Fundazioaren erakusketa-aretoko zuzendariak, eta Ernesto Murillo ‘Simonides’, artistak, erakusketa aurkeztuko dute asteartean, urriak 26, goizeko 11:00etan Kutxa Kultur-en (4. solairua, Tabakalera).
Erakusketa jendearentzat zabalik izango da Kutxa Kultur Plaza erakusketa-gunean, doako sarrerarekin, urriaren 26tik abenduaren 12ra, Tabakalera eraikina zabalik dagoen orduetan.
Egilea
Ernesto Murillok (Murchante, Nafarroa, 1952) Star aldizkarian eta El Huerto fanzinean argitaratu zituen bere lehen istorioak. Gero, kolaboratzaile izan zen hainbat aldizkaritan: besteak beste, Euskadi Sioux, Makoki, El Víbora, Harakiri, Habeko Mik, TMEO (sortzaileetako bat izan zen) eta Ardi Beltza. Gainera, marrazkiak argitaratu ditu ere Egin eta Navarra Hoy egunkarietan eta Gara egunkariaren Zazpika gehigarrian.
Simonidesek hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du: «Euskal komikiaren erakusketa – Muestra del cómic vasco» (Gasteiz, 1983) eta «Komikiaren Panorama Euskadin. Gernikako III. Komiki ihardunaldiak» (Gernika, 1989).
Bestetik, erakusketa indibidual eta kolektibo ugaritan ere erakutsi du bere lana.
Erakusketa 2021eko urriaren 26tik abenduaren 12ra | Tabakalera zentroko ordutegia OHARRA: Kasu batzuetan, Kutxa Kultur Plazan egiten diren jardueren ondorioz, baliteke erakusketaren zati bat bisitatzerik ez izatea. |