k
u
l
t
u
r

Donostiari buruzko azterketa historikoen 53. buletinaren aurkezpena

compartir


Donostiari buruzko Azterketa Historikoen 53. Buletinaren aurkezpena, Donostiako Historiari buruzko Dr. Camino Institutuak argitaratua, Rosa Ayerbe historialaria eta Mikel Mendarte Kutxa Fundazioako kultura-zuzendariaren eskutik.

Mende-erdia baino gehiago bete duen Kultura Erakunde baten oroimen bizi gisa aurkezten da Buletina, hasieratik errebindikatu zuelarik hiriaren iraganaren ezagutza, bere artxiboan dokumentatu gabea eta oso gutxi ezagutzen zena.

Ohikoa denez, Buletina bi zatitan banatu da: Azterlanak eta Oharrak. Lehenengo atalean azterlan luze eta osoak jaso dira ordena kronologikoan, eta Oharren atalean, berriz, laburrak edo egiten ari diren ikerketa batzuetako intereseko gaiak.

2020ko abenduaren 14a, astelehena | 19:00
Lekua: Kutxa Kultur Plaza (Tabakalera, 4. solairua). Donostia/San Sebastián
Sarrera librea aforoa bete arte
Liburuaren ale bat emango zaie bertaratuei

AZTERKETAK

Lehenengoa Mª Rosa Ayerbe Iribarren azterlana da: “Los excluídos. El último enfrentamiento entre la Provincia de Guipúzcoa y sus Parientes Mayores (1624-1631)”. Azterlanean ulertu nahi da ordenantza egiaztatuen bidez XIV. mendean sortu zen Gipuzkoako Ermandadetik berariaz kanporatu ziren eta Ermandadea osatzen zuten herriekiko bizimodu paraleloa eraman zuten Ahaide Nagusiak nola integratu ziren bertan XVII. mendetik aurrera, 1624tik 1631ra arte luzatu zen prozesu judizialaren eta enfrentamendu luze eta gogor baten ondoren. Prozesua berez ez zen amaitu, dirudienez akordio edo adostasun batera iritsi baitziren aldeak, etorkizunean udaletako eta Probintziako ofizio publikoetan Gipuzkoako gainerako kapareen maila berean parte har zezaten. 

Mª Rosario Roquero Ussíak, bestalde, emakumeari buruzko beste azterlan bat dakarkigu, bere ikerketaren lerro nagusia izanik, “Mujeres con carácter. San Sebastián (s. XVIII-XIX)” lanaren bidez. Azterlanean, egileak berak adierazten duen bezala, emakume donostiarrek, babesgabetasun eta urrakortasun giro lauso batean, euren portaera etengabe zaintzen eta aztertzen zen garai batean, aurre egin beharreko oztopoak planteatzen ditu, bai pentsaera sozialarekin zerikusia dutenak bai emakumeen eguneroko bizimoduarekin eta ardurekin zerikusia dutenak.

Jose Mari Iparragirre bardoa jaio zeneko bigarren mendea bete den honetan, Pedro Berriochoa Azcáratek Urretxun jaio zen bardoaren bizitzari buruzko azterlan eder eta dokumentatu bat egin du: “Un Bicentenario, José María Iparraguirre (1820-1881). A corriente y contracorriente”. Lanean hasieratik nabarmentzen du bere bizimodu alderraia, Lehen Gerra Karlistan parte hartu zuenetik. Gaztetan Europako hainbat herrialdetan ibili zen, eta, azkenean, Amerikan, batez ere Uruguain errotu zen, bertan familia sortu eta 8 seme-alaba izan zituen, eta familia han utzita Gipuzkoako etxera itzuli eta bertan hil zen.

Carlos Rilova Jericók euskal liberalismoari buruzko azterlan luze bat dakarkigu. “Nuevos apuntes para la historia del Liberalismo vasco. Del Duque de Mandas al General Arzadun, del Trienio Liberal al Trienio Bolchevique (1820-1920)” izenburupean, Gipuzkoako historiaren mende bateko lerro nagusiak zehazten dizkigu. Konbentzio gerratik aurrera (1794-1795) Frantziako ideia iraultzaileak Gipuzkoako lurraldean errotu izana oinarritzat hartuta, egileak, purga sistematikoaren ondorioz agiri gutxi dagoen arren eta, batez ere, argitara eman gabeko dokumentazio publiko eta pribatuari esker, euskal liberalismoaren bilakaera politikoaren berri ematen du, historialariek, karlismoari eskainitako arretarekin alderatuta, gaiari eskaini izan dioten arreta eskasa nolabait ere orekatu nahian.

Pedro Gorrotxategi Gorrotxategik, Miguel Zafra Antak, Ainhoa Zabaleta Ruedak eta Víctor García Nietok aurkezten duten gaia bi medikuri buruzkoa da, Manuel Bago Aguirre eta José Bago Lecosais aita-semeei buruzkoa. “Los Doctores Bago. Dos médicos guipuzcoanos represaliados tras la Guerra Civil” izenburupean, euren herritik alde egin eta Frantzian babesa hartu behar izan zuten beste 20.000 pertsona bezala, 1936ko Gerraren ondorioz errepresaliatuak eta erbesteratuak izan ziren Errepublikaren aldeko bi medikuen bizitza eta lana aztertzen dituzte.

Gerra Zibilarekin lotutako lana egin du Ion Urrestarazu Paradak ere, “Altza durante la Guerra Civil española” izenburupean, jada desagertuta dagoen eta 1940an Donostiari batu zitzaion Altzako hiribilduaren historia berreskuratzeko asmoz (hiribilduaren lurraldea gaur egun Altza, Bidebieta-Mirakruz, Intxaurrondo eta Martutene artean banatuta dago). Egileak adierazten duen bezala, hiribilduaren II. Errepublikaren garaiko isilpeko kontuak, Fronte Popularra agintera iritsi zen unea, Gerra Zibilaren hasiera, tokiko Defentsa Batzordearen eraketa, Mirakruzeko “txeka”, ondorengo ebakuazioa eta altxatuak iritsi ziren unea, gatazka garaiko errepresio fisiko eta ekonomikoa, erbestea, Altza Donostiari batzea eta Bidebietako Tiro Zelai Nazionaleko fusilamenduak jasotzen dira bertan.

OHARRAK

Azkenik, oharren atalean “Mandojana, un Corregidor corrupto de Finales del siglo XVI en Guipúzcoa” izenburua duen José Antonio Azpiazu Elorzaren azterlan bat dago. Lana atal honetan kokatu da luzerarengatik eta Gipuzkoako historiaren gai puntual bat delako. Egileak egiaztatzen duen bezala, Francisco Mandojana Zárate Erregearen korrejidorea izan zen Gipuzkoan 1586tik 1591ra bitartean, eta agintari ustelaren eredu garbia da, bere kargua bere onerako, bere administratuen kontura dirua eta onura materialak lortzeko, erabili baitzuen, horien askatasunari eta segurtasunari, eta merkataritza-interesei, kalte larria eginez.

 

Itxi
Itxi
ico-facebook-color ico-twitter-color ico-googleplus-color