k
u
l
t
u
r

Kutxa Kultur-ek `Zeruertzak´ aurkeztu du

compartir


Zeruertzak kanta Kutxa Kultur Musikako sei egoiliarrek ─Siete C, Lemy River, Ido, Indian Feathers, Beste Urtaroak eta Cônvoi─ pixkanaka beren etxeetatik talde-lanean konposatuta dago.

Covid19ak aurrekoa eta ondorengoa bereizi ditu gure bizitzetan; esan ohi da gaitz asko onerako direla, eta, hain zuzen ere, horrek balio izan du Kutxa Kultur Kantari bizia emateko; abesti bihurturiko proiektu berri bat da, Siete C taldeko Eduardo Amadori, Kutxa Kultur Musika programako egoiliarretako bati, bururatutako ideia.

Proiektu hau, konfinamendu edo itxialdian zehar garatua, kateko elkarlan sortzailea da, eta Kutxa Kultur Musikako talde guztiek parte hartu dute Zeruertzak kanta argitara emateko; esperientzia oso aberasgarria, aldi berean, egonaldiko 6 taldeek parte hartu baitute erronka horretan eta, besteak beste, konfinamendu-aldian harremanak estutzeko balio izan die.

Eduardo Amado Siete Cko eta ideiaren egilearen ustez, “esperientzia aberasgarria izan da; izan ere, sormenari dagokionez, beste estilo eta teknika batzuk erabili ahal izan ditugu, agian Siete Cn erabiliko ez genituzkeenak, eta elkarren artean lan egin eta ikasteko harremanak ezarri ahal izan ditugu. Uste dut jarduera honek ahalmen edo gaitasuna duela Kutxa Kultur Musikaren etorkizuneko deialdietarako”.

Indian Feathersekoek onartu dutenez, “abesti baten konposizioan beste 5 talderekin buru-belarri sartzea nahikoa kostatu zitzaigun hasieran. Hala ere, ikuspegia zabaldu digula uste dugu, eta ziur gaude esperientziaz baliatu ahal izango garela etorkizunean kantuen garapenari begira”.

Lemy River-eko Iban Martinek bi fasetan lan egin du abestian: “Kantaren oinarri erritmikoa egin nuen. Bateria loop bat eta groove askoko baxu bat grabatu nituen, gainerako taldeek moldaketak, ahotsak, harmoniak… egin zitzaten. Bigarren fasea zailxeagoa izan zen. Inor ez zenez kantaren letra egitera animatzen, bertso batzuk idatzi nituen, Idoiaren melodiarekin metrikoki eta melodikoki bat etor zitezen saiatuz, eta ahots-gida bat grabatu nuen, denek ikus zezaten nola geratzen zen letra kanta horretan”.

Beste Urtaroak taldeko Iker Laurobak eta Leire Berasaluzek ere hitz egin dute proiektuaz: “Guretzat oso aberasgarria izan da hain estilo ezberdinetatik gatozen talde eta musikariek proiektu berezi honetarako bat egin izana. Gainera, hasierako pista hartatik amaieraraino, prozesua bitxia bezain ederra izan da, emaitza paregabearekin”.

Cônvoitik nabarmendu dutenez, “bakoitzak ikuspegi pertsonal bat eman dio, abestiaz jabetzen saiatu gabe, betiere proiektua zerbait kolektibotzat hartuta. Ekarpen izugarriak izan dira, besteak beste, Ibanen oinarriak, Ikerren lap steel gitarra, Raul Rodriguezen rapa, … baina Idoiak bere ahotsaren melodia eta teklatuak grabatu ostekoak eragin zidan zirrara handiena, harrigarria izan zen nolako soinua zuen, beste dimentsio bat hartu zuen”.

Idoia Asurmendik (Ido), bere aldetik, hasieran ziurtasunik gabe sentitu zela onartu du, “horrelako zerbait egiten nuen lehen aldia zen eta urrutitik konposatzeak kezkatu egiten ninduen; baina hasieran oinarriaren estiloarekin eroso sentitu ez arren, gero uste baino errazagoa izan zen. Prozesua berezia izan da, talde bakoitzak bere ukitua eman dio abestiari eta elkarlana aberasgarria izan da artista bezala hazteko. Pozik nago emaitzarekin eta esperientzia oso polita izan da”.

Bideoklipa LACØRTE films enpresak, Kutxa Kultur Enea Kultura eta Sormen Industrietako ekintzaileei laguntzeko programatik lagundutako proiektuetako batek, egin du; beraz, Zeruertzak-en proiektu osoa “etxean” sortu da.

Bideokliparen hasierako ideiak, aurpegi eta instrumentu itxien plano horietatik abiatuta, lehen fase hura irudikatzen du, non ezin ginen etxetik atera eta asko durduzatuta bezala egon ginen. Gero, beste fase batera igaro ginen, gehixeago mugitu ahal izan ginen, baina deskonektaturik eta ordutegiek bereizita jarraitzen genuen. Horregatik, taldekide bakoitza bere kutxa propioan bizi da, ia bideokonferentzia bat balitz bezala; eta kanpoko munduak, egungoak, erritmo normala du jada, pertsonak eta ibilgailuak mugitzen dira eta.

Azkenik, Leire eta Iker (Beste Urtaroak), Jorge eta Iñigo (Cônvoi), Idoia Asurmendi, Luis (Indian Feathers), Iban (Lemy River) eta Edu eta Raul (Siete C) beren laukietatik ateratzen dira, halabeharrez aldi baterako sortutako fikziozko talde hori “alde batera utzi” eta beren ohiko bizitzara eta talde bakoitzaren errealitatera itzultzeko.

 

Itxi
Itxi
ico-facebook-color ico-twitter-color ico-googleplus-color