k
u
l
t
u
r

Petra Rudolf-ek emakume zientzialariaren papera goraipatuko du

compartir


European Physical Society-ko presidente Petra Rudolf-ek emakume zientzialariaren papera goraipatuko du egunotan Donostian.  

• Bi egun pasako ditu Gipuzkoako hiriburuan Donostia International Physics Center-ek (DIPC) gonbidatuta eta publiko orokorrari zuzendutako hitzaldia eskainiko du Kutxa Fundazioak eta DIPC-k antolatutako ZientziaKutxa zikloaren barruan.

• Hitzaldi honetaz gain, Rudolf-ek ikertzaileei zuzendutako bi mintegi emango ditu Donostiako ikerketa zentroan, bata motore molekularren gainekoa eta, bestea, ibilbide zientifikoak baldintzatzen dituzten aurreiritzi eta jarrera inkontzienteen gainekoa.

Egungo European Physical Society-ko (EPS) presidente Petra Rudolf-ek Donostia bisitatuko du aste honetan Donostia International Physics Center-ek (DIPC) gonbidatuta. Bere egonaldiaren helburua bikoitza da: ZientziaKutxa hitzaldien zikloaren barruan parte hartzea –maiatzaren 9an publiko orokorrari zuzendutako hizketaldia eskainiko du– eta maiatzaren 10ean DIPC-n ikertzaileei zuzendutako bi mintegi ematea.

ZientziaKutxa, Kutxa Fundazioak eta Donostia International Physics Center-ek antolatutako eta publiko orokorrari zuzendutako dibulgazio hitzaldien programa da. Bertan, gaur egungo zientzia gaiak eta interes berezia sortu ditzaketenak aztertzen dira lehen mailako zientzialarien eskutik. Bi instituzioek urteak daramatzate mota honetako dibulgazio hitzaldi-programak antolatzen zientzia gizarteratzeko. Honela, ZientziaKutxaren barruan, hilabatean behin hitzaldiak antolatzen dira Tabakaleran.

‘Emakumeak zientzian: ikuspuntu historiko bat’ titulupean, Petra Rudolf-ek iraganeko emakume zientzialariek egindako zenbait ekarpen garrantzitsu aztertuko ditu maiatzaren 9ko hitzaldian (Kutxa Kultur, Ruiz Balerdi Aretoa, 18:30), Erdi Arotik hasi eta XX. mende hasieraraino. Gainera, ikertzaile independienteek (Hildegard von Bingen, Trotula, Sybilla Merian, Laura Bassi, Caroline Herschel), senar edo anaia ezagunak izan zituzten laguntzaileek (Sophie Brahe, Marie-Anne Paulze Lavoisier) edota Emilie de Breteuil Marquise de Châtelet edo Maria Angela Ardinghelli bezalako itzultzaileek egindako lanaz ere hitz egingo du.


Maiatzak 9, 18:30
Hitzaldia: Emakumeak zientzian: ikuspuntu historiko bat
Lekua: Kutxa Kultur. Ruiz Balerdi Aretoa (4. solairua, Tabakalera). Donostia

Sarrera librea aforoa bete arte

Itxi
Itxi
ico-facebook-color ico-twitter-color ico-googleplus-color